Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!


Atala: Esperientziak

Askartza Clareteko euskal aste kulturalak

mintegia 18/05/2008 @ 22:55

Askartzako ikastetxeak, "Zeurea da aukera, hasi euskaraz" lelopean apirilaren 14tikAskartza 25era bitartean kultur astea ospatu zuen. Hori dela eta euskal kultura hurbiltzeko eta ikastetxean euskaraz ondo pasatzeko hainbeste ekintza prestatu zituzten.

Hauetariko batzuk kanpoko espezialistek gidatuak izan ziren, eta beste batzuk, berriz, irakasleek eta ikasleek zuzendu zituzten. Bai, aipagarria izan da ikasleek egun hauetan izan zuten protagonismoa eta nola prestatu zituzten emanaldiak beste ikasleei saio desberdinetan eskaintzeko: Bertsoak, ipuin kontaketak, kantak, irrati saioak ...

 

Gauza asko, lan handia baina gogotsu egina.

 

Hona hemen, besteak beste, egindako ekintza batzuk:

  • Ipuin kontalaria: DBH eta Batxilergoko ikasleek power point erabiliz Gargantua ipuina haur txikiei aurkeztu zieten. Horrela, ikasle batzuk ipuinetako pertsonaiei ahotsa jarri zieten beste batzuk musika jotzen zuten bitartean. Benetan guztientzako ukigarria izan zela
  • Argitxo maskotaren bisita: Lehen Hezkuntzako 5 mailako ikasle batek egin zuen eta beronek aurrean izan zituen umeen begietan poza eta ilusioa ikusteko aukera ere izan zuen.
  • Irrati saioak: Lehen Hezkuntzako 3 ziklokoek besteentzako irrati saioak zuzendu zituzten.
  • Bertso jaialdiak: aurretik prestatutako bertsoak kantatu eta egon ziren bertsolariek bota zituztenak ere entzun zituzten, hau guztia jai giroan.
  • Askartzako Magoek: Beste ikasle batzuek magia saioa egin zuten,
  • Ekintza hauezaz gain, zirko ttipia, hitzaldiak, herri kirolak, ginkana, txistorrada, ..., eta ondo amaitzeko, karaokea eta jaialdia ere egon ziren.

Zorionak Askartza Clareteko irakasleei eta ikasleei!

Ondo pasatzeaz gain, euskara jakintzagai bat baino zerbait gehiago izatea eta benetako komunikazio testuinguruetan bideratzea lortu duzue. Animo eta segi horrela!

Argazkiak ikusteko ikastetxeko web-era joan.

Antzerkia: ahozko adieramena lantzeko aproposa

mintegia 13/05/2008 @ 22:24

Hemen duzue Egape ikastolako bigarren mailako haurrek Erdi aroaren gainean egin duten lantxoa. Bideo honetan, ahozko adierazpena lanketaren adibide ezin hobea duzue eta zuek egiten dituzuen antzerki emanaldiak hobetzeko seguru baliagarria egingo zaizuela.

Zuetariko askok, NOLEGAko Ahozko adierazpena deialdian parte hartzen duzue eta urtero, urriaren hasieran, eskaera egiten duzue. Bertatik jasotako dirulaguntzaz agertokian jartzeko beharrezkoak diren tramankuluak, jantziak, musika eta abar lortzen dituzue eta ikastetxean ondo landutako testua kalitate handiko emanaldietan gizarteratzen duzue.

Beste batzuk, berriz ez duzue zuen burua halako lan eginkizunetan ikusten. Ez izan beldur eta animatu zaitezte! Hizkuntza, kasu honetan euskara, benetako testuinguruetan lantzeak onura besterik ez baitu ekarriko. Ireki leihoa motibazioari, ikasteari, hizkuntza aberastasunez erabiltzeari, ondo pasatzeari,...

Ikusi-ikusi, beti ikasten da zerbait!

Asmakizunak

mintegia 23/04/2008 @ 11:39

"Kaixo koadrila: seguru zuek asmakizun mordo eta pilo ezagutzen dituzuela, ezta? Animatuko al zineten gune honetan idazten? ...

Horrela hasi ziren pasa zen urtarrilean "asmakilo" bloga sortu zuten kideak. Barraskiloak bezala, poliki-poliki, joan dira asmakizunak jartzen, erantzunak jasotzen... bildumatxo polit hau lortu arte. Zorionak!

Horretaz gain, hizkuntzarekin gozatzeko eta parte hartzeko beste bide bat ireki dute blog guneetan. Bai, eskola askotatik asmakizunak eta erantzunak bidaliz "asmakiloa" mugitzen ari da eta ez dakigu noraino heltzeko gai izango den. Auskalo! Agian, zure bitartez, zure eskolaraino!

Eskolako jantokian euskaraz, zergatik ez?

mintegia 19/02/2008 @ 12:32

Derioko jantokiaZaila da benetan ikastetxe askotan ikasleak jantokian dauden bitartean euskara entzutea. Bai, eta honen arrazoiaz hitz egingo bagenu seguro nago motibo bat baino gehiago aurkituko genukeela horren azalpena emateko.

 

 

Derioko eskolan ikasleek jantokian euskara gehiago erabiltzeko asmoz lanean jarri dira eta ekimen bat martxan jarri dute. Hasteko, Hizkuntz forma batzuk aukeratu dituzte, gero gelan landu, txartelak egin eta eta jantokiko hormetan gogoramen gisa jarri dituzte.
Saiakera txiki bat besterik ez da,
baina saiatzen denak gehienetan zerbait lortzen du, ezta? Begira txartelak zein ondo gelditu diren!

der-3.jpg

 

Derio eskolako NOROTEKA

mintegia 13/02/2008 @ 16:00

Nor ote da? Nor ote da? horrela ibili dira azken aste hauetan Derioko eskolako ikasleak eta irakasleak. Bai, jarritako arrastoak irakurriz, poliki-poliki, joan dira Zumetaren bizitza, lana eta lagunak ezagutzen.

Noroteka horri esker, guztiok zer edo zer ikasi dugu. Ikusi eta ikasi: Picassoren Gernika koadroaren bertsioa, Bernardo Atxaga eta Mikel Laboarekin izandako harremana, bisitatu zituen herriak eta egin zituen ikasketak, ... bai, ikusi eta ikasi:

Zumeta

 

 

Altzagako Meninen erakusketa

mintegia 12/02/2008 @ 12:35

Aste honetan Erandioko Altzaga ikastolako Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleek "Velazquezen Meninak" erakusketa martxan jarri dute. Ezin da irudi bakar batean adierazi ume hauek zenbat ikasi, ikusi, hitz egin, gozatu, ilusionatu, irudikatu, ... duten lan hauek egin dituztenean, baina gutxienez honekin ideia bat egin dezakezue

 

meninak

Erakusketak, interaktiboa denez baditu gune bereziak bisitariek ere parte har dezaten. Ondoko irudian ipuinari amaiera emateko jarri duten txokoa duzue:

ipuina txoko

Eskerrik asko egin duzuen lana gurekin konpartitzeagatik.

Erakusketa birtuala ikusteko sakatu beheko argazkian:

Altzagako erakusketa

Inauteriak heldu dira Jado Compasionera!

mintegia 01/02/2008 @ 09:20

jado-11.jpgIrudi hauetan Eradioko Jado Compasion ikastetxean Euskal inauterien gainean egin duten lana ikus dezakezue.

Hainbat eskoletan egiten den bezala, gela barruan egin duten guztia pasabideetan jarri dute eta horrela eskola hiztun bihurtu dute. Bai, egia esateko, hormak irakurtzen ibil daiteke edonor. Hormak liburu bateko orriak izango balira hartu eta batetik bestera pasa informazioa jasotzen joan daiteke eta aldi berean ikusten da gaia nola landu duten.

Haur Hezkuntzako ume hauek euskal inauteriko pertsonaiak zeintzuk diren eta nola deitzen diren landu dituzte: Atorrak, Ziripot, Miel Otxin, Marquitos .. Lehen Hezkuntzakoek berriz, gehiago sakondu dituzte pertsonaiak, ospakizuna eta kokapen geografikoa: Mundaka, Lanz, Ituren, Zalduendo, Markina... Eta azkenik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek inauteri bakoitzaren berezitasunak eta historian murgildu dira artikulu eta bideoen laguntzaz.

jado-16.jpg

Bistan dago ikastetxe honetako ikasleek Rio de Janeiroko inauteriak ezagutzeaz gain bertokoak ere ezagutzen dituztela. Gaur irakurketa eta irudien bidez ikusi dutena, bihar akaso, errealitatea bihurtuko da eta mapan kokatu dituzten herri horiek bisitatzera joango dira. Familiarekin edo lagunekin, berdin da, seguru festa miresgarri eta ikusgarri hau hobeto ezagutzeko aukera bikaina izango dutela.


Nor naiz ni

Atalak

Tagak

Sindikatu